Harrespila edo cromlecha harri eta zutarriekin zirkulu edo elipse bat osatuz eraikitzen den monumentu megalitiko mota bat da. Euskal Herrian ugari dira mota honetako megalitoak, baina Oria eta Leitzaran bailara dute mugatzat, bailara hauetatik mendebaldera ez baita harrespil bat ere aurkitu. Euskal Mitologian, bestalde, toki bereziak ziren; hain zuzen, jentil-baratza edo mairu-baratza izenez ere deitzen zaie, horien eraikuntza jentil edo mairuei egozten baitzitzaien. Erresuma Batuan, Frantzian, Danimarkan eta Suedian ere zabaldurik daude. Harrespil asko talde txikitan elkartuta agertzen dira, lekuaren garrantzia agerian ipiniz. Hala ere, harrespil bakunak ere badira. Eztabaida dago harrespilak eraikitzeko asmo eta helburuei buruz: batzuk nekropolitzat erabili diren arren, gizataldeen biltoki eta astronomia behaleku moduan ere interpretatu da.